Bilduma 1993an hasi zen, Iruñeko Udaleko Herritarren Sustapenerako Alorrak Pintura Bienalaren 4. edizioa antolatu zuenean. Lehen hiru bienalak 1986an, 1988an eta 1990ean izan ziren. Haietan, epaimahaia zenbait unibertsitatetako irakasleek osatua zegoen, eta hiru sari ematen zituen. Gerora, baina, aldaketa kontzeptual bat egin zen oinarrietan, eta, horren ondorioz, lehiaketa arrunt bateko sariak emateari utzi, eta parte-hartzaileen obra batzuk hautatu eta erosteko funts bat sortu zuten. Hala, Bienalak, helburu izateari utzi, eta baliabide bihurtu zen, arte garaikideko bilduma publiko bat sortzeko. 1995etik aurrera, beste bultzada garrantzitsu bat eman zitzaion bildumari, eta gaur-gaurko proposamen plastikoetan jarri zen arreta. Alde batetik, urteko aurrekontu bat finkatu zen, eta, horren bidez, Udala ARCO Arte Garaikideko Azokan egon ahal izan zen, kalitate eta interes handiagoko obretara, artistengana eta diziplinetara iritsi ahal izateko. Beste alde batetik, Iruña Hiria Pintura Bienalari izena aldatu zioten zazpigarren edizioan (1999): Iruña Hiria Arte Plastikoen Bienala deitu zioten, eta, hala, deialdia zabaldu zieten beste diziplina artistikoei ere. Bestalde, Iruña eta Artista Gazteak lehiaketan -zeina 1984tik antolatzen baita- saritutako obrak ere erantsi zaizkio bildumari 1999tik, eta lan horiek balioa hartuz joan dira artista irabazle askok nazio-mailako eta, are, nazioarteko prestigioa lortu ahala. Ekimen horiekin batera, obrak zuzenean erosteko beste ildo bat ere zabaldu zen, bildumari antzeman zizkioten hutsune batzuk osatze aldera. Era berean, egile eta bildumazale askok obrak eman dituzte -eta ematen dituzte- dohaintzan, eta, hala, Udalaren ondarea handitzen ari da.