Hainbat bide daude obrak Udalaren Arte Garaikidearen Bilduman sartzeko: azoketan eta galerietan erosten dira, edo artistei erosten zaizkie; beste batzuk lehiaketetan eskuratzen dira -hala nola Iruña Hiria Arte Plastikoen Bienalean eta Iruña eta Artista Gazteak lehiaketan-, eta artisten beren dohaintzak ere jasotzen dira. Gaur arte, obra gehienak ARCO azokan (Madril) eskuratu dira, bai eta honako hauetan ere: Donostiako DFOTO eta Bartzelonako LOOP azoketan, Iruña Hiria Arte Plastikoen Bienalean -lehen, Pintura Bienala- eta Iruña eta Artista Gazteak lehiaketan. Obra batzuk galeria prestigiotsuei erosi zaizkie, baita artistei ere zuzenean, beren ibilbidearengatik edo egoera pertsonalarengatik obrak galeristen bide ohikoaren bidez eskaintzen ez dituzten artistei, alegia.
Artearen merkatua eta arte garaikidearen bilakaera ondo ezagutzen duten aditu ugariren aholkuei jarraituz eskuratu dira obrak, lanen kalitatea ez ezik lan horien egileen ospea eta hedapena ere ziurtatzeko. Iruñeko Udalaren aholkulari aritu diren aditu horien artean, honako hauek daude, besteak beste: Teresa Blanch, Juan Manuel Bonet, Francisco Calvo Serraller, Manel Clot, María de Corral, Estrella De Diego, Miguel Fernández-Cid, Fernando Francés, Fernando Huici, Tomás Llorens, Javier Maderuelo, José Marín Medina, Fernando Meana, Artemis Olaizola, Rosa Queralt eta Javier Riaño. Obrak erosteko irizpide dira, batetik, hautatutako piezen garrantzia gaur egungo arte plastikoaren testuinguruan, eta, bestetik, egilearen presentzia eta garrantzia egungo proposamen plastikoen artean, nazio-mailan bereziki, baina baita nazioartean ere -proposamen berezi batzuen kasuan-.