Arte Garaikidearen Udal Bildumaren hedapen-proiektuak, lehenik eta behin, lotuak daude obren eta horien egileen sustapenarekin eta arte garaikidearen dibulgazio eta sustapenarekin. Aldian-aldian egiten dira erakusketak bildumaren alderdi ezberdinak erakusteko helburuz, eta, era berean, bildumaren funtsen zati bat biltzen duten katalogoak eta argitalpenak ere egin dira. Ekintza nabarmenenen artean, ARCOn erositako obren urteroko erakusketak daude, bai eta Iruña Hiria Arte Plastikoen Bienaleko eta Artista Gazteak lehiaketako lanekin egindakoak ere. 1998an, Arte Garaikidearen Bilduma. Iruñeko Udala erakusketa aurkeztu zen, Rodezno Kondearen plazako aretoan, obrarik adierazgarrienekin, eta, 1999an, katalogo bat atera zen aro hartako piezarik garrantzitsuenekin. 2005ean, ARCOn 10 urtean erositako obrak erakusketa antolatu zen, eta, 2006an, 20 urte, 10 biurteko erakusketa, biak Ziudadelako Armen Aretoan. Gaikako erakusketekin jarraituz, honako erakusketa hauek egin ziren Kondestablearen Jauregiko Areto Gotikoan, denak beren katalogoarekin: Munduari begira (2009), Artelanak eraikin baterako (2010), Errealitate bat, geroa jomuga hartuta (2011), 1996-2011: 15 urte artelanak erosten ARCO azokan (2011) eta Hainbeste gauzak hainbeste esan zidaten (2012-2013).
Hedapen-programak webgune honen bidez izan du jarraipena, non zabal-zabal ematen baitzaie bildumaren berri (obrak, artistak, ezaugarri teknikoak eta artistikoak, obren irudiak, etab) bai herritarrei eta bai artearen profesionalei. Bada, halaber, beste webgune bat Iruñean zehar dauden hiri-eskulturen ingurukoa, eta, bertan, besteak beste, Arte Garaikidearen Bildumakoak diren eta eremu publikoetan jarriak dauden pieza ugari ageri dira. Iruñeko eskulturen gida (esculturas.pamplona.es). Beste hedapen-proiektu bat obrak beste zentro edo erakusketa-zentro batzuetara bidali eta han erakustea da, bilduma ez ezik obra horien egileak ere sustatzeko. Harremanak sortzen dira bilduma propioak dituzten beste arte-zentro batzuekin eta bildumazaleekin, obra batzuk utzi edo elkartrukatzeko, edo erakusketa bateratu ibiltariak egiteko. Hala, honako egile hauen obrak laga dira, besteak beste: Peter Zimmermann, Adolfo Schlosser, José Pedro Croft, Mikel Navarro, Carmen Calvo, Julio Martín Caro, José Ramón Anda, Carlos Cánovas, Ángel Mateo Charris, José Manuel Ballester, Fernando Pagola, Carlos Irijalba, Elena Goñi, Pedro Manterola eta Curro González. Horien obrak nazio-mailako zein nazioarteko hainbat zentrotan erakutsi dira. Besteak beste, Nafarroa, Argentina, Uruguai, Tarragona eta Donostiako museoetan, eta honako arte-zentro hauetan: Caja Burgos, Lisboako Belemeko Kultur Zentroa, Galiziako Arte Garaikideko Zentroa, Madrilgo Hiribilduko Kultur Zentroa, Zaragozako Ibercaja eta Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroa (CCCB).